ERROMATAR BIDEAK

Nola eta zergatik?

Erromatar galtzadek funtsezko papera izan zuten Erromatar Inperioak IV. mende luzetan izan zuen arrakastan, hauei esker, oso ondo komunikatutako lurraldea lortu baitzuten. Izan ere, une bakoitzean beharrezkoa zena azkar eta eraginkortasunez garraiatzeko gaitasuna lortu zuten: tropa militarrak, zergak, salgaiak, lehengaiak, eskulana, etab. Beraz, euren diseinua eta eraikuntza plangintza handi baten eta lurraldearen azterketa xehatu baten emaitza izanen zen.

Gainera, azpimarragarria da galtzada-sare trinko hori osatzen zuten hiriarteko bide gehienak ez zirela lauzazko bideak izango, legarrezko eta zagorrezko bideak baizik. Azken hauek mantentze lan gutxiago eskatzen zituztenez, bide azpiegitura ekonomiko eta eraginkorrenean bilakatzen zituzten. Harlauza ezaren ezaugarriaren ezagutza faltak mota honetako bideen ikusezintasuna eragin du, urte luzez eta beste bide lauzatu batzuei, okerreko erromatar kronologia egoztea eragin die.

INFORMAZIO GEHIGARRIA:
Antzinaroko Galtzada Erromatarrei buruzko Jardunaldiak
Auritz-Burgeten (Nafarroa) 2013an egindako Antzinaroko Galtzada Erromatarrei buruzko Jardunaldien aktak (eskuragarri pdf-an)

Traianvs
Isaac Moreno Gallok egindako webgunea, Iberiar Penintsulako galtzada erromatarrei
buruzko ikerketa ugari biltzen ditu.

Isaac Moreno Gallo

HAIEN ERAIKUNTZARI BURUZ

Eraikuntza-teknika ez zen, lehen begiratuan behintzat, gaur egungo lurrezko bideetatik edo pistetatik asko bereizten. Lehenik eta behin, bidearen trazadura planifikatzen zen, %6-ko gehieneko maldak gainditzen ez zituen ibilbidea proiektatuz. Jarraian, bide bazterrak landaretzaz garbitzen ziren, eta, beharrezkoa izanez gero, lurzorua zulatzen zen zimentazio gisa erabiliko ziren harri lodiak jartzeko oinarri sendo bat topatu arte. Ondoren, azalera hondar eta harri txikiagoez betetzen zen, hutsuneak geratzea eragotziz. Azkenik, gainazaleko edo errodadurako azken geruza bat zabaltzen zen, harea, hartxintxar eta buztin nahasketaz osatua.

Isaac Moreno Gallo

Era berean, bidea ez zen guztiz laua izaten; izan ere, erdian apur bat goratua egoten zen, ura alboetara bidera zedin, putzuak sortzea ekidin eta gainazala ez zedin hondatu. Horretaz gain, ertzeetan miliarioak edo mugarriak jartzen ziren, erabiltzaileei hurrengo kokaguneetako distantzia edo bestelako informazio osagarria emateko. Ondorioz, erromatar garaiko bide lauzatu orokortuen irudia ez da erreala, hiriguneetan gertatzen zenaren kontra. Besteak beste, garai hartan animaliek ez zutelako ferrarik erabiltzen eta haien apatxek ezingo zietelako hain distantzia luzeen esfortzuari eutsi.

Testu greko-latindar klasikoen artean, galtzaden eraikuntzari buruzko informazio baliagarria topatu daiteke. Horren adibide da Plutarkoren hurrengo pasartea, bertan Cayo Gracori buruz idaztean, galtzadez arduratu zen politikari errepublikar gisa deskribatzen duenean.

“Bideak eraikitzen jarri zuen bere ahalegin nagusia, edertasuna eta erabilgarritasuna uztartuz. Izan ere, bideak lurra zuzen zeharkatuz egiten ziren, jirarik eta itzulingururik gabe, eta zimenduak ebakitako harriz eginak ziren, hareazko geruzaz edo uharri txikiz sendotuak. Sakonuneak bete eta zubiak eraikitzen ziren uharren eta erreken gainean, bi aldeak altuera berekoak, eta horiek beti paraleloak, ondorioz, obra osoak itxura uniformea eta ederra lortzen zuen.

Horretaz guztiaz gain, bide osoa neurtu egiten zen, eta milia bakoitzaren amaieran, zortzi estadio gehiago edo gutxiago izango dituen neurria, bidaiarientzat seinale izango ziren harrizko zutabe bana jarri ohi zuten. Gainera, beste harri batzuk jarri ohi zituzten bidearen bi aldeetan, elkarrengandik oso hurbil, zaldi gainean zihoazenak haietatik igo zitezen inolako laguntzarik behar izan gabe “. (Plutarco, 1979:153).

Iturria: Plutarco, 1979, Vidas paralelas, Cayo Graco, 7, Madril, Ed. Iberia, 4. liburukia, or., A. Ranz Romanillosen grekoaren itzulpenean oinarritua.